Emakumeen bidea I
1934 eta 1945 bitartean, jatorri desberdinetako milaka gizon espetxeratu zituzten Alfontso XII.aren gotorlekuan, Ezkaba mendiaren tontorrean.

1934 – 1945
Urte horietan bertan, ehunka emakume igo ziren presondegira preso horiei babesa ematera, askotan aurretik elkar ezagutzen ez bazuten ere. Presondegi horretan sartutako presoei babesa emateko antolatu eta sareak ehundu zituzten emakumeok. Ideologiagatik eta elkartasunagatik, edo ahaidetasun-loturengatik, bide horietan zehar janaria, arropa, tabakoa eramateko edo bisitak egiteko ahalegin guztiak egin zituzten emakume horiek.
Emakume-talde horiek 1934an hasi ziren antolatzen, gotorleku militar hori zigor gisa erabiltzen hasi zirenean, urte bereko urrian izandako errepresioaren ondoren. Gertakari horiek “Asturiasko Iraultza” izenez ezagunak dira. Garai hartako preso politikoak gogor tratatzen zituztelako hasi zen ezaguna izaten presondegia: gosea, hezetasuna, hotza, uholdeak, gaixotasunak… Preso horiek bizi zuten egoera ikusita, elkartasun-sare handia sortu zen Iruñeko bizilagunen artean, eta elkartasuna eta babesa adierazi zieten, ahal zen neurrian, gotorlekuan zeuden presoei.
Alde batetik, Iruñeko emakume sozialistak, nazionalistak, komunistak, errepublikanoak eta anarkistak antolatu ziren presondegi horretan sartuta zeuden presoen senideei laguntzeko eta aldi berean haiekin lotura izateko. Bestalde, ehunka kilometrora zeuden senideek ere sareak sortu zituzten etxetik hain urrun preso zeuden senideei babesa emateko.
Nava de la Asunción herrian, Segovian, Celia Barbado Garcíak gogoratzen du inguruko herrietako emakumeak nola antolatu ziren, dirua, janaria eta arropa elkartuz eta 15 egunean behin txandakatuz Gotorlekura iritsi ahal izateko, 24 orduko bidaia eginez. Presoen senideak hainbat zentzutan zigortu zituzten, batez ere estatu-kolpe militarraren ondoren. Alde batetik, errepresioaren bidez: jabetzak eta lana kenduz, umiliatuz… bestetik, senide presoak beste komunitate batzuetara bidaliz, haiengandik urrunduz. Hori gertatu zen Gotorlekuko presoekin, gehienak urrutitik zetozen eta beraz, familiek zailtasun handiak zituzten bisitak egin ahal izateko eta eman ziezaieketen laguntza material urria helarazteko. Presoak ia inkomunikatuta zeuden, beren lurraldetik eta familiarengandik oso urrun, mendi baten tontorrean eraikitako eraikin batean sartuta. Emakume askok bisitak egiteko eta arropa eta janaria eramateko Iruñeraino bidaia egiten zuten, eta beste askok Iruñean bizitzen geratzea erabaki zuten.
- Errepublikako presondegiko lehen etapan, elkartasun-sareen antolaketa nagusia alderdi errepublikarren, sozialisten eta Nazioarteko Sorospen Gorriaren (Alderdi Komunistari lotutako erakundea) arteko elkarlanean sortu zen. Talde horiek guztiek “Sorospen Aliantza” delakoa sortu zuten, presoei eta haien senideei arreta emateaz arduratzen zena.
Hala kontatu zuen Josefina Guerendiain Carok bere memorietan. Bertan, asteroko bisitaren hiru egunak, dirua biltzea, arropa biltzea eta garbitzea, eta 16 urterekin tabakoa, ajoarriero kazolak, haragi gisatua, ogia… presoentzat nola prestatzen zituen azaltzen du. Beldurra, igoeraren baldintza gogorrak, elurra, hotza eta janaria arropa artean nola ezkutatzen zuten eta Artikako bidean gora nola igotzen ziren kontatzen duten testigantza zuzenak dira. Oraindik bidea ez zen esistitzen, eta orientatzeko, bidean zehar trapu edo egunkari zatitxoak botatzen zituzten etxerako bidean ez galtzeko. Goardia batzuek, ilunabarrean, zatitxoak kentzen zizkieten mendian barrena gal zitezen.

Talde horiek guztiek “Sorospen Aliantza”, delako sortu zuten, presoei eta haien senideei arreta emateaz arduratzen zena.
Militantzia eta elkartasun sare horiek ez ziren Ezkabako gotorlekuko presoentzat bakarrik sortu. Testigantza batzuk diotenez laguntza beste kartzela batzuetara zabaladu zen. Izan ere, emakume horietako batzuek, Carmen Fleta Recio kasu, Iruñeko Kartzela Probintzialeko presoei laguntzeko antolatuta jarraitu zuten 50eko hamarkada igaro arte.
Emakume horien guztien borroka, konstantzia eta indarra miresgarria da.
